Ekimen honen amaieraren bezperan, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak (INDAF) bisita bat egin du Uharteko Izotz Jauregira, bertatik bertara ikusteko nola garatu den ideia hori. Izotzarekin lotutako kirol-jarduera sustatzea eta eskola-adineko kirol-eskaintza dibertsifikatzea du helburu ideia horrek, eta 26 ikastetxetako 1.445 ikasle bildu ditu.
Jorge Aguire eta Sandra Muñoz, INDAFeko zuzendari kudeatzailea eta zuzendariordea, Huarteko izotz jauregian izan dira gaur, kanpainaren azken jardunaldietako baten nondik norakoak jarraitzeko. Paderborn-Lezkairu HLHIPko ikasleek ere parte hartu dute.
Nafarroako Neguko Kirolen Federazioko ordezkariak ere izan dira bisitan, besteak beste, Pedro Sanz presidentea, Davinia Alfonsín kanpainako koordinatzailea eta Amaya Silva erakundeko idazkaria, baita Ibai Garjón Uharteko Udaleko Kirol zinegotzia, Clara Gutiérrez izotz pistako koordinatzailea eta Sara Zapata Kirol Arloko teknikaria ere.
Nafarroako Gobernuaren eta INDAFen konpromisoa duen 2026ko Izotzeko Eskola Kanpaina hau Nafarroako Neguko Kirolen Federazioarekin eta Uharteko Udalarekin lankidetzan sustatu da.
Parte-hartzearen balantzea eta hezkuntza-esparruaren erantzuna
2026ko Izotzeko Eskola Kanpaina otsailaren 4tik apirilaren 30era bitartean egin da, eta Nafarroako ikastetxeek parte-hartze handia izan dute.
Guztira, 2.155 ikaslek eman dute izena aurrez, eta, azkenean, 1.445ek parte hartu dute, 26 ikastetxetako 36 taldek, eta 710 ikasle itxaron-zerrendan geratu dira. Horrek argi erakusten du proposamen horrek interes handia sortu duela.
Era berean, 258 eskaera erregistratu ziren diruz lagundutako plazetarako; beraz, zozketa bat egin behar izan zen egoera sozioekonomiko txarrean zeuden ikasleei zuzenduta zeuden 150 plazak esleitzeko. Kanpainan, halaber, dibertsitate funtzionaleko 5 ikaslek hartu dute parte, eta monitore espezifikoak izan dituzte.
Erakundeen izotz-kirolarekiko konpromisoa
INDAFek Uharteko Udalarekin eta Nafarroako Neguko Kirolen Federazioarekin izotzari lotutako diziplinak bultzatzeko hartutako konpromisoari erantzuten dio ekimen horrek, eta instalazio horri bideratutako laguntza ekonomikoarekin bat egiten du. Horretarako, 200.000 euro inbertituko dira 2026an, eta 350.000 euro 2025ean, haren baldintzak eta energia-eraginkortasuna hobetzeko.
Nafarroako Gobernuak eta INDAFek eskola-adinean kirol-eskaintza dibertsifikatzeko duten estrategiaren barruan sartzen da kanpaina, jarduera fisikoarekin lotutako hezkuntza-esperientziak sustatuz eta bizikidetza, errespetua, lankidetza eta aukera-berdintasuna bezalako balioak bultzatuz.